EUSPOT lehiaketako sari nagusia Bilboko ‘Gorputza ON, buruari ON’ spotak irabazi du

2019ko edizioan inoiz baino lan gehiago jaso ditugu, guztira 98 spot aurkeztu dira lehiaketara, iaz baino 25 spot gehiago. Euspot lehiaketaren zortzigarren edizioko gaia “Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!” izan da eta jarduera fisikoaren inguruan hausnarketa egitea izan du helburu, beti ere euskarazko sormena bultzatuz. Aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundia da Euspot lehiaketaren antolatzaile nagusia, Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibertsitatea, Arizmendi Ikastola, Arteman Komunikazioa eta MusicLibrary-rekin batera.

Sari banaketa ekitaldia

Aretxabaletako Arkupe Kultur etxeko Zaraia aretoan egin da sari banaketa ekitaldia. Zaraia aretoa jendez bete da irabazleen izenak zeintzuk diren jakiteko eta lanak txalotzeko. Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoregileek gidatu dute ekitaldia eta lehiaketan aurkeztutako 98 iragarkietatik epaimahaiak aukeratutako 17 finalistak ikusi ahal izan dira bertan. Ekitaldi ostean mokadu batez gozatu ahal izan dute parte-hartzaileek zein hurreratu diren guztiek.

Ekitaldiko argazki galeria: https://www.flickr.com/photos/arteman/albums/72157708842186716/with/47967433807/

Irabazleak

Guztira, Euspotek 2.550 euro banatu ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan:

Spotik onena / 1.000 euro

“Gorputza ON, buruari ON” spota
Egileak: Jabi Jubera eta Irati Agirreazkuenaga. (Bilbo)

Spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna da gehien baloratu dena.
Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko hizkuntza normalizaziorako zuzendariak banatu du saria.


Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena / 500 euro

“Piztu bizitza” spota
Egileak: Mari Garcia, Maider Donoso eta Aitzol Zubizarreta. (Zaldibia, Arrasate eta Santurtzi)

Spotaren originaltasuna da gehien baloratu dena.
Goio Arana, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzia fakultateko komunikazio arduradunak banatu du saria.



Publikoaren saria / 500 euro

2.000 bozkatik gora jaso dira sarean guztira.

“Nahi baduzu, ahal duzu” spota
Egileak: Andoni Mtz de Madina, Julen de la Serna, Ieneko Ruiz de Azua eta Ibai López. (Gasteiz)

Unai Elkoro, Aretxabaletako alkateak banatu du saria.



BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro

“Ez zaitez aldrebestu, mugitu eta bizi!” spota
Egilea: Oihan Loiti Iraola (Arrasate)

Spotaren kalitate teknikoa da gehien baloratu dena.
Alberto Garro, Arizmendiko komunikazio arduradunak banatu du saria.



Music Library saria / 300 euro

Musika sinkronizazio onenari saria. Iragarkiaren musika egokitasunagatik eta originaltasunagatik.

“Irabaz ezazu partida!” spota
Egileak: Leire Lezeta, Garazi Iglesias eta Malen Jurado (Eskoriatza)

Gorka Etxabek, Artemaneko zuzendariak banatu du saria.


98 spot, inoiz baino gehiago: Tuteratik Bilboraino

2019ko lehiaketa orain arteko arrakastatsuena izan da. Guztira 98 lan aurkeztu dira, aurten ere Euskal Herriko leku askotatik jaso ditugu spotak, horien artean Hernani, Tutera, Sopela, Bilbo, Zarautz, Oñati, Gasteiz, Aramaio, Donostia, Aretxabaleta, Fontellas, Eskoriatza, Eibar, Durango, Ordizia, Hondarribia, Zaldibia, Ondarroa, Tolosa, Arrasate, Urretxu, Zumarraga, Andoain, Bergara… Aurkeztutako lanen artean, 18 urtetik beherakoek eginiko 62 lan jaso dira eta 18 urtetik gorakoek eginiko 36 lan. Parte-hartze kopuruan eta kalitatean igoera nabarmena izan da aurten, iaz baino 25 spot gehiago jaso baitira, igoera horren arrazoia da hainbat ikastetxetan propio lehiaketarako egindako lanketa berezia.

 Aurtengo gaia: “Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!”

Aurten, Euspot lehiaketak jarduera fisikoaren inguruan hausnarketa egin nahi du. Spotak nabarmendu beharko ditu jarduera fisikoak eskaintzen dituen onura fisikoak, psikologikoak eta sozialak. Gizarte aktiboago bat sustatzea da helburua. Egunean zehar egiten ditugun jarduera fisikoekin onura berberak lor genitzake. Egunerokotasunean aktibo izateak osasun hobea izaten eta hobeto sentitzen laguntzen digu. Pertsona inaktiboak aktibo bihurtu nahi ditugu jarduera fisikoa areagotuz eta sedentarismoa baztertuz.

Spot guztiak ikusgai: https://euspot.eus/hemen-dituzue-98-spotak-ikusgai-eman-zure-botoa/

500 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak

Aurtengo edizioa berrikuntza ugarirekin etorri da. Harrobi lan horretan indartsu ekin dio aurten antolakuntzak, ikus-entzunezko publizitatearen gaineko saioak eskainiz ikastetxeetan, zein ikus-entzunezko eskola espezializatuetan. Edizio honetan esfortzu berezia egin da formazioan eta sustapenean, guztira 11 formazio saio eman ditugu Euskal Herriko txoko ezberdinetan: Donostia, Gasteiz, Bilbo, Andoain, Aretxabaleta, Arrasate… Formazio saioen helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea.

Sare sozialetan mugimendu handia

Publikoaren sarirako 2.000 bototik gora jaso dira 5 egunetan. Bestalde, nabarmentzekoa da aurten Facebook eta Instagramen egin den zozketa. GOPRO HERO akzio kamera bat zozketatu da eta  1.200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, irabazlea Maider Donoso izan da.