Maiatzaren 30ean jakingo dugu zeintzuk diren EUSPOT lehiaketako irabazleak

2019ko edizioan inoiz baino lan gehiago jaso ditugu, guztira 98 spot aurkeztu dira lehiaketara, iaz baino 25 spot gehiago. Epai-mahaiak maiatzaren 30ean banatuko ditu sariak Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan arratsaldeko zazpietatik aurrera egingo den sari banaketa ekitaldian. Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoregileek  gidatuko dute ekitaldia.

Besteak beste, euskaraz sormena sustatzeko eta gazteen artean ikus-entzunezkoen diziplina berriak bultzatzeko sortu zen Euspot. “Irudi digitala gure bizitzako harremanetan” izan da aurtengo edizioko gaia eta sare sozialen erabileraren inguruan hausnarketa egitea izan du helburu. Sare sozialak gure bizitzako ia esparru guztietara zabaldu dira, eta horrek gure artean harremantzeko moduak ere baldintzatzen ditu. Nerabe zein helduok, sare sozialetan gutaz lantzen dugun irudiari garrantzia handiegia ematen ote diogun eta alderdi birtual horretan jasotzen dugun erantzun, oihartzun eta oniritzi edo oniritzi ezari kasu gehiegi egiten ote diogun hausnartu nahi izan dugu Euspoten bidez.

 

98 spot, inoiz baino gehiago: Tuteratik Bilboraino

2019ko lehiaketa orain arteko arrakastatsuena izan da. Guztira 98 lan aurkeztu dira, aurten ere Euskal Herriko leku askotatik jaso ditugu spotak, horien artean Hernani, Tutera, Sopela, Bilbo, Zarautz, Oñati, Gasteiz, Aramaio, Donostia, Aretxabaleta, Fontellas, Eskoriatza, Eibar, Durango, Ordizia, Hondarribia, Zaldibia, Ondarroa, Tolosa, Arrasate, Urretxu, Zumarraga, Andoain, Bergara… Aurkeztutako lanen artean, 18 urtetik beherakoek eginiko 62 lan jaso dira eta 18 urtetik gorakoek eginiko 36 lan. Parte-hartze kopuruan eta kalitatean igoera nabarmena izan da aurten, iaz baino 25 spot gehiago jaso baitira, igoera horren arrazoia da hainbat ikastetxetan propio lehiaketarako egindako lanketa berezia.

 

Spot guztiak ikusgai: https://euspot.eus/hemen-dituzue-98-spotak-ikusgai-eman-zure-botoa/

 

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 30ean

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 30ean egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean. Guztira, Euspotek 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan:

1.- Spotik onena. / 1.000 euro

2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro

3.- Publikoaren saria. / 500 euro

4.- Musika sinkronizazio onenaren saria. / 300 euro

5.- BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro

 

Aurtengo gaia: “Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!”

Aurten, Euspot lehiaketak jarduera fisikoaren inguruan hausnarketa egin nahi du. Spotak nabarmendu beharko ditu jarduera fisikoak eskaintzen dituen onura fisikoak, psikologikoak eta sozialak. Gizarte aktiboago bat sustatzea da helburua. Egunean zehar egiten ditugun jarduera fisikoekin onura berberak lor genitzake. Egunerokotasunean aktibo izateak osasun hobea izaten eta hobeto sentitzen laguntzen digu. Pertsona inaktiboak aktibo bihurtu nahi ditugu jarduera fisikoa areagotuz eta sedentarismoa baztertuz.

 

500 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak

Aurtengo edizioa berrikuntza ugarirekin etorri da. Harrobi lan horretan indartsu ekin dio aurten antolakuntzak, ikus-entzunezko publizitatearen gaineko saioak eskainiz ikastetxeetan, zein ikus-entzunezko eskola espezializatuetan. Edizio honetan esfortzu berezia egin da formazioan eta sustapenean, guztira 11 formazio saio eman ditugu Euskal Herriko txoko ezberdinetan: Donostia, Gasteiz, Bilbo, Andoain, Aretxabaleta, Arrasate… Formazio saioen helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea.

 

Sare sozialetan mugimendu handia

Publikoaren sarirako 2.000 bototik gora jaso ditugu 5 egunetan. Bestalde, nabarmentzekoa da aurten Facebook eta Instagramen egin den zozketa. GOPRO HERO akzio kamera bat zozketatu da eta  1.200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, irabazlea Maider Donoso izan da.