2026 gaia

2012 urtean sortu zuten Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Arteman Komunikazioak Euspot euskarazko spot lehiaketa.

Lehiaketaren helburua dira euskarazko sormena bultzatzea eta publizitate arloan euskararen erabilera sustatzea. Horretarako, antolatzaileek urtero gai desberdin bat proposatzen dute eta lehiakideek, nahi duten estilo, teknika eta baliabideak erabilita, erantzun beharko diote sormen erronka horri. Antolatzaileen asmoa da aurkeztutako lanei ahalik eta hedapen handiena ematea.

 

2026KO GAIA:

Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?

 

Egin beharreko lana

Telebista konbentzionaletan edo sare sozialetan zabaltzeko ikus-entzunezko iragarkia.

Spotaren iraupena: 30 segundo gehienez.

Testuingurua

Sare sozialetan euskaraz aritzea hautu linguistikoa da soilik? 

Mundu digitala euskaraz margotzea ekintza sortzaile eta boteretsua da. Euskara da gure bereizgarri nagusia mundu globalizatu honetan, eta edukiak euskaraz igotzean, identitate digital propioa eraikitzen dugu. Ez gara kopia bat; begirada berezia eskaintzen diogu munduari. 

Erdarazko ozeanoan, euskara da gure balio erantsia. Algoritmo guztien gainetik errazagoa da erreferente izatea euskal komunitatean, milioika lagunekin gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez lehiatzea baino. Euskarazko sorkuntza kalitate handikoa da, eta indartzen ari da eduki-sortzaile berrien olatuari esker. Ondorioz, euskarazko edukiaren bolumena hazten ari da, eta gertuko edukiak kontsumitzeko joera handitzen doa. Bideo formatuak, adibidez, sortzaile gazte asko animatu ditu beraien lanetan euskara erabiltzera, umorea eta egunerokotasuna ardatz hartuta. 

Zuretzat, zeintzuk dira euskaraz sortzearen indarguneak? 

Helburua

Sortu 30 segundoko iragarki bat gazteak sare sozialetan euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzera bultzatzeko.

Spotaren xede-taldea

Gizarte orokorrari, baina bereziki gazteei zuzendutako iragarkia izan behar da.

 

Derrigorrezko baldintzak

  • Lanak euskaraz sortu beharko dira.
  • Musikaren erabilerak baldintza hauek bete behar ditu: lizentzia librekoa, spotentzat propio sortutakoa edo www.audionetwork.com-ek lehiaketarako jarritako bildumatik.