Sari banaketa 2 minututan ikusi nahi?

2019ko edizioan inoiz baino lan gehiago jaso ditugu, guztira 98 spot aurkeztu dira lehiaketara, iaz baino 25 spot gehiago. Euspot lehiaketaren zortzigarren edizioko gaia “Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!” izan da eta jarduera fisikoaren inguruan hausnarketa egitea izan du helburu, beti ere euskarazko sormena bultzatuz. Aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundia da Euspot lehiaketaren antolatzaile nagusia, Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibertsitatea, Arizmendi Ikastola, Arteman Komunikazioa eta MusicLibrary-rekin batera.

Sari banaketa ekitaldia

Aretxabaletako Arkupe Kultur etxeko Zaraia aretoan egin da sari banaketa ekitaldia. Zaraia aretoa jendez bete da irabazleen izenak zeintzuk diren jakiteko eta lanak txalotzeko. Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoregileek gidatu dute ekitaldia eta lehiaketan aurkeztutako 98 iragarkietatik epaimahaiak aukeratutako 17 finalistak ikusi ahal izan dira bertan. Ekitaldi ostean mokadu batez gozatu ahal izan dute parte-hartzaileek zein hurreratu diren guztiek.

Ekitaldiko argazki galeria: https://www.flickr.com/photos/arteman/albums/72157708842186716/with/47967433807/

Spot guztiak ikusgai: https://euspot.eus/hemen-dituzue-98-spotak-ikusgai-eman-zure-botoa/


98 spot, inoiz baino gehiago: Tuteratik Bilboraino

2019ko lehiaketa orain arteko arrakastatsuena izan da. Guztira 98 lan aurkeztu dira, aurten ere Euskal Herriko leku askotatik jaso ditugu spotak, horien artean Hernani, Tutera, Sopela, Bilbo, Zarautz, Oñati, Gasteiz, Aramaio, Donostia, Aretxabaleta, Fontellas, Eskoriatza, Eibar, Durango, Ordizia, Hondarribia, Zaldibia, Ondarroa, Tolosa, Arrasate, Urretxu, Zumarraga, Andoain, Bergara… Aurkeztutako lanen artean, 18 urtetik beherakoek eginiko 62 lan jaso dira eta 18 urtetik gorakoek eginiko 36 lan. Parte-hartze kopuruan eta kalitatean igoera nabarmena izan da aurten, iaz baino 25 spot gehiago jaso baitira, igoera horren arrazoia da hainbat ikastetxetan propio lehiaketarako egindako lanketa berezia.