“Bide desberdinak, helmuga bera” lanak irabazi du EUSPOT lehiaketa

"Bide desberdinak, helmuga bera" spotak irabazi du 2025eko Euspot euskarazko spoten lehiaketa. Asier Corchete donostiarra eta Anje Arlanzon oñatiarra dira lanaren egileak, eta epaimahaiak spotaren originaltasuna, kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna goraipatu ditu. Anje Arlanzonek sorpresaz jaso zuen saria Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Eusko Jaurlaritzako zuzendariaren eskutik, ostegunean, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean egindako sari banaketa ekitaldian. Beste urte batez, lepo bete zen kultur etxeko Zaraia aretoa, lehiaketako irabazleen izenak ezagutzeko jakin-minez zeuden 18 finalista, guraso eta irakasleekin.


v
Euskarazko iragarkien lehiaketa da Euspot, euskarazko sormena eta euskara publizitate munduan sustatzea helburu duena. Aurtengoa XIV. edizioa izan da, eta, beste behin, Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak, Arteman Komunikazioak eta Arizmendi Ikastolak antolatu dute, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren babesletzarekin eta Bai Euskarari Elkartearen eta Music Libraryren laguntzarekin.

Urtero, gai bat proposatu ohi du antolakuntzak parte hartzaileek gaiari buruz hausnartu eta 30 segundoko ikus-entzunezkoa landu dezaten. Zer da laguna izatea? izan da aurtengo gaia, eta horrek aukera eman die gazte eta ikastetxe askori lagunen arteko errespetuzko harremanei buruz lanketa egiteko, euskara eta ikus-entzunezko komunikazioa ardatz hartuta.

Izan ere, oraingoan ere 500 ikasle inguruk hartu dute parte ikus-entzunezko publizitateari buruzko formakuntza saioetan. Antolakuntzak urtero eskaini ohi ditu saio horiek Euskal Herriko ikastetxeetan, euskarazko ikus-entzunezko komunikazioa gazteei hurbiltzeko eta lehiaketan parte hartzera animatzeko asmoarekin. Azken urteetan 5.ooo ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak Euskal Herriko hezkuntza zentroetan.

Ekitaldiaren argazki albuma: https://flic.kr/s/aHBqjCinMa

Historiako bigarren errekorra

Euskal Herrian aitzindaria da Euspot lehiaketa euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen. Ondo errotutako lehiaketa da, eta, orain arteko edizio guztiak batuta, 900 spot inguru jaso dira. 2025ko edizioan, gainera, lehiaketaren historiako bigarren errekorra lortu da, 119 lan jasota —2023an jaso ziren lan gehien, 149 zehazki-. 22 spot 18 urtetik gorakoek eginak izan dira, eta 97, adin-txikikoek aurkeztutakoak. Publikoaren sarirako 700 boto jaso dira.

Aurten ere Euskal Herriko leku askotan landu dituzte spotak: Zarautz, Orio, Donostia, Bilbo, Gasteiz, Eibar, Iruñea, Bermeo, Sopela, Amorebieta-Etxano, Oiartzun, Aretxabaleta, Bergara, Azkoitia, Orereta, Zumarraga, Arrasate, Lekaroz, Ituren, Eskoriatza, Oñati, Elorrio, Laudio…

Spot guztiak ikusgai: https://www.youtube.com/playlist?list=PLYA44xO9a-tWeNjGjstxYB_fwy8OTZjHB

Sei talde irabazle

Spotik onena / 1.000 euro

"Bide desberdinak, helmuga bera"

Egileak: Asier Corchete eta Anje Arlanzon (Donostia eta Oñati)

Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Eusko Jaurlaritzako zuzendariak banatu zuen saria.

Publikoaren saria / 500 euro

"Ereindakoa lo(re)tuz"

Egileak: Xabi Gomez, Naia Vallejo, Harkaitz Gorostiaga eta Irati Pineda (Laudio)

Garikoitz Iturbe Aretxabaletako alkateak banatu zuen saria.

Musika sinkronizazio onenaren saria / 300 euro

"Elkarrekin dena lortu dezakegu!"

Egileak: Uxue Lasa, Nerea Garmendia eta Klara Ketteler (Donostia)

Arantzazu Lagunilla Arteman Komunikazioko zuzendariak banatu zuen saria.

Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenaren saria / 500 euro

"Zure laguna delako, eta punto"

Egileak: Usoa Zulueta eta Gorka Granado (Bermeo eta Sopela)

Xabi Igoa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko komunikazio zuzendariak banatu zuen saria.

Gazteen saria (adin-txikikoak) / 500 euro

"Laguna, beti lagun"

Egilea: Josu Arrizabalaga Aizpurua (Donostia)

Maddi Iregi Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak banatu zuen saria.

Arizmendi Ikastolako ikasleen spotik onenaren saria / 250 euro

"Laguntasunak ez du mugarik"

Egileak: Mikel Etxeberria eta Enaitz Garitaonandia (Aretxabaleta)

Naiara Okina Arizmendi Ikastolako komunikazio arduradunak banatu zuen saria.