Aurtengo gaia: Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?

  • Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?galderari erantzun beharko diete aurtengo proposamenek. 
  • EUSPOT (Euskarazko Spot Lehiaketa) erreferente bilakatu da Euskal Herrian. Euskarazko sormena sustatzeko helburuarekin sortu zen orain dela 15 urte eta dagoeneko 1.000 spotetik gora aurkeztu dira. Aurten, iaz bezala, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango du.
  • Helburu nagusia gazteak euskarazko publizitatera gerturatzea izango da eta gazteen sormena sustatzea, Euskal Herrian sortzen den publizitatearen oinarri izan dadin gure hizkuntza.
  • Parte-hartzaileek maiatzaren 25a bitartean izango dute aukera lanak aurkezteko.


Dagoeneko aurkeztu da Euspot lehiaketaren 15. edizioa, gazteen sormena sustatzeko eta Euskal Herrian sortzen den publizitateak euskara oinarri izan dezan antolatutako erreferentziazko spot lehiaketa. 2025eko edizioa oso arrakastatsua izan zen, guztira 115 spot baino gehiago aurkeztu zirelako, horietatik 23, 18 urtetik gorakoenak eta 95, adin txikikoenak.


Aurtengo gaia: “Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?”

Helburua izango da  30 segundoko iragarki bat sortzea, gazteak sare sozialetan euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzera bultzatzeko.

Mundu digitala euskaraz margotzea ekintza sortzaile eta boteretsua da. Euskara da gure bereizgarri nagusia mundu globalizatu honetan, eta edukiak euskaraz igotzean, identitate digital propioa eraikitzen dugu. Ez gara kopia bat; begirada berezia eskaintzen diogu munduari. 

Erdarazko ozeanoan, euskara da gure balio erantsia. Algoritmo guztien gainetik errazagoa da erreferente izatea euskal komunitatean, milioika lagunekin gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez lehiatzea baino. Euskarazko sorkuntza kalitate handikoa da, eta indartzen ari da eduki-sortzaile berrien olatuari esker. Ondorioz, euskarazko edukiaren bolumena hazten ari da, eta gertuko edukiak kontsumitzeko joera handitzen doa. Bideo formatuak, adibidez, sortzaile gazte asko animatu ditu beraien lanetan euskara erabiltzera, umorea eta egunerokotasuna ardatz hartuta. 

Zuretzat, zeintzuk dira euskaraz sortzearen indarguneak? 

Azken urteotako uztari eutsiz jarraitzen du Euspotek eta aurten ere sekulako babesle eta laguntzaile zerrenda batu da euskarazko spot lehiaketaren deialdira. 

Honako hauek dira babesle eta antolatzaileak: 

Babeslea:

Antolatzaileak:

Laguntzaileak:

3.000 euro baino gehiago saritan 

Sei sari banatuko dira.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Gazteen saria (18 urtetik beherakoak) (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Parte-hartzaileek 2026ko maiatzaren 25a bitartean izango dute aukera lanak aurkezteko. Lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da gehienez. Aurten ere formatua librea izango da, spota edozein formatutan grabatu ahal izango dela: horizontalean ala bertikalean. 

15 urtetako ibilbide oparoa: 1.000 spot baino gehiago Euskal Herri osotik

Ondo errotutako lehiaketa da Euspot eta orain arteko edizioetan 1.000 spot inguru jaso dira. Euskal Herriko txoko guztietatik jaso dira lanak, Hendaiatik Tuterara, Euskal Herriko mapa marraztuz. Euspot ez da soilik gazteei zuzenduta dagoen lehiaketa, askotarikoak dira urteetan parte hartu dutenen profila, jatorria eta interesa. Era berean, egokia da gogoraraztea irudimena eta sormena direla Euspot elikatzen duten iturri nagusiak. Hortaz, lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte. Adin eta maila guztietarako sariak daude eta, aurten ere, espero da lehiaketa Euskal Herri osora hedatzea, marka guztiak hautsiz. 

Ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioa

Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioak eskainiko ditu Euskal Herriko ikastetxe, ikastola eta eskoletan, spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Azken urteetan 6.000 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak hezkuntza zentro ezberdinetan.

Euspot.eus-ek 20.000 bisita

Nabarmentzekoa da euspot.eus webguneak urtero 20.000 bisita inguru jasotzen dituela eta sare sozialetan 2.000 jarraitzailetik gora dituela. Parte hartu nahi dutenek, lehiaketako briefinga eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. Eta http://www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko  dute lana aurkezterakoan. Informazio gehiago www.euspot.eus atarian lor daiteke.