Maiatzaren 27an jakingo dugu zeintzuk diren EUSPOTeko irabazleak

Euskal Herri osotik jasotako 87 spot

Pandemiaren erruz egoera zaila eta berezia bizi dugu esparru guztietan, zailtasun eta oztopo asko daude gauzak antolatu eta parte hartzea bermatzeko. Hala ere, 2021eko edizioan Euspoten parte hartzea itzela izan da: guztira 87 lan aurkeztu dira, iaz baino 36 spot gehiago. Aurkeztutako lanen artean, 52 lan 18 urtetik gorakoek eginak dira, eta 35 spot 18 urtetik beherakoek eginak.

Aurten ere Euskal Herriko leku askotan landu dituzte spotak: Hondarribia, Donostia, Durango, Gasteiz, Urruña, Irun, Bergara, Dima, Bilbo, Eibar, Arrasate, Aramaio, Leitza, Mungia, Etxalar, Mendexa, Azkoitia, Aretxabaleta, Zarautz, Soraluze, Orereta, Doneztebe, Hernani, Idiazabal, Garai, Legazpi, Oñati, Errezil, Sodupe, Barakaldo, Zarautz, Asteasu, Mendaro, Ataun, Etxebarria, Irura, Bermeo, Etxaguen, Leintz Gatzaga, Eskoriatza… Eskerrik asko guztiei, eta zorte on!!

 

Hemen dituzue 2021eko spot guztiak ikusgai: https://euspot.eus/hemen-dituzue-87-spotak-ikusgai/

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 27an Aretxabaletan

Aretxabaletako Arkupe kultur etxean izango da sari banaketa ekitaldia, 19:00etan. Covid protokoloengatik aretoaren aforoa erdira jeitsik beharko da tamalez, beraz, antolakuntzak finalista diren lanei soilik emango die ekitaldira etortzeko aukera. Ane Zuazubiskar kazetari eta bertsolariak aurkeztuko du sari banaketa eta Eñaut Zubizarreta biolontxelo jotzailearen musikarekin ere gozatu ahal izango dugu.

Sei sari banatuko dira.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).
  • Gazteen saria (14-18 urte) (250 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

 

Publikoaren sarirako 3.000 boto, inoiz baino gehiago

Publikoaren boto gehien dituen spotak 500 euro jasoko ditu. 3.000 boto baino gehiago jaso dira aurten, inoiz baino gehiago.

 

Aurtengo gaia: “NEKAZARITZATIK BIZI NAHI DUGU!”

Aurtengo spotak gazteak animatu beharko ditu familia-nekazaritzatik bizitzera. Helburua gazteak eta horien artean batez ere emakumeak landa eremura gerturatzea izan da. Spot baten bitartez herritarrak kontzientziatu nahi ditugu bertako familia nekazaritzak ingurumen eta gizartearen jasangarritasunari ematen dion guztia balioan jartzeko eta lehen sektorea indartzeko.

Zer den familia-nekazaritza? Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ustiatzeko modu jasangarri eta orekatu bat. Hauek dira familia nekazaritzaren gaur egungo erronkak:

  • Elikadura
  • Krisi klimatikoa
  • Lurraldearen antolaketa
  • Jasangarritasun ekonomikoa
  • Gizateriaren ongizatea.

 

Gazteek heldu behar diote ustiapen eredu jasangarri horri, beraien esku dago horren irautea, eta gizartearen esku ustiapen horietako elikagaiak kontsumitzea. Lurrak ematen diguna ustiatzetik bizi dira Euskal Herriko familia asko eta asko eta horiei zor diegu, lanpostu ugari sortzeaz gain, gure lurra eta paisaia zaintzea eta gure natura ingurunea hobetzea. Bizitzeko beste modu bat. Tokiko produktuak, kalitatezko produktuak. Km 0. Jasangarria.

 

HAZIren babesletza

Aurten HAZI izan da babesle nagusia. HAZIren helburua da Euskadiko lehen sektorearen eta elikadura-sektorearen, landa-eremuaren eta itsasertzaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna bultzatzea. HAZIk nahi du nekazaritzako elikagaien sektorean zerbitzurako tresna izatea, besteak beste landa-eremuaren eta itsasertzaren garapen iraunkorra, eremu horietako langileen profesionalizatzea eta produktuen kalitatean laguntzeko.

Honako hauek dira edizio honetako babesle eta antolatzaileak:

  • HAZI
  • Aretxabaletako Udala
  • Arteman Komunikazioa
  • Mondragon Unibertsitatea
  • Arizmendi Ikastola
  • Bai euskarari
  • Music Library

 

Sormenari buruzko online formakuntzak arrakasta

Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko online formazioa eskaini du spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Julen Urtxegik eman du 15 minutuko online formakuntza saioa, Euspot 2020ko irabazlea eta ikus-entzunezko sormenean aditua denak. Formazio saioen helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Lehiaketaren inguruko informazioa eta baldintzak azaltzeaz gain, publizitatearen inguruan hitz egin eta ideiak, ereduak eta kanpainak ikusi eta azaldu ditugu. Ikusgai dago orain ere.

Online formazioa ikusgai: https://euspot.eus/sormenari-buruzko-online-formazioa/