Kike Amonarriz publizitateaz: “Iragarki hitza esan eta Perurenaren irudia datorkit burura ‘funtziona’ esanez”

galdetegiak_kike_amonarriz

Publizitate iragarkiak kontsumitzen dituzu?
Ezinbestean! Kalean bazabiltza, komunikabideak irakurri, entzun edo ikusten badituzu, erosketak egitera bazoaz… nahi ta nahi ez kontsumitu behar duzu publizitatea. Gure munduan publizitaterik kontsumitzen ez baduzu, hilda zauden seinale.
Zerk erakartzen dizu gehien? Zer da gehien gustatzen zaizuna iragarkietatik?
Sormena eta irudimena. Sorpresa. Baita irudi ikusgarriak edo lelo deigarriak. Edo irribarrea sortarazten dizuten iragarkiak.
Zein da azken aldi honetan gustuko izan duzun iragarkia?  
Ez dakit gustukoena den, baina iragarki hitza esan eta Perurenaren irudia datorkit burura “funtziona” esanez. Ez dut marka aipatuko baina uste dut denok dakizuela zein den.
Iragarki bat bazina zer iragarriko zenuke?
Uste dut gaur egun nire irudia ikusi eta jende askori bi hitz datozkiola burura: euskara eta ETB. Baina sekretutxo bat kontatuko dizut, beste tolosar batzuekin batera gure herrian postetatik zintzilik eta autobus geltokietan nago herriko merkataritzaren aldeko kanpaina batean.
Aktore/sa bat bazina zein iragarkitan agertzea gustatuko litzaizuke?
Zeinetan baino, non esango dizut. Seychelles irletan. Bertan edozer gauzaren publizitatea egiteko prest.
 Zein kolore izango litzateke protagonista zure iragarkian?
Urdina… begien kolorearekin bat egiteko! (Honako hau publizitate subliminalaren barruan sar dezakezue)
 Eta bukatzeko, usain bat bazina, zeren usaina izango zenuke?  
Ah, baina usaina duten iragarkiak asmatu dituzte ala?