“Euskara sormenari lotzen zaionean biziraunkortasuna bermatzen da” Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea

Aurkeztu da Euspoten edizio berria Aretxabaletan, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean. Hauek parte hartu dute: Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Garikoitz Iturbe, Aretxabaletako alkatea; Arantzazu Lagunilla, Arteman Komunikazioko zuzendaria; Maddi Iregi, Bai Euskarari Elkarteko aholkularia; Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduraduna; eta Xabi Igoa, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arloko zuzendaria.

Aurtengo gaia: “Zer da laguna izatea?”

Gaur gaurko gaia da. Agenda politikoan ere badago gaurko gazteen arteko harreman sanoak sustatu beharra, sareek eragiten dituzten mehatxuak aintzat hartuta, teknologiek ahalbidetzen dituzten komunikazio eta harremanetarako jarrerak, bertatik bertarakoak, harreman inklusiboak, dibertsitateari aurre eginez eraikitzen direnak, eta beste hamaika adibide.

30 segundoko iragarki bat sortzea da helburua, gazteen artean harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak sustatzeko. Adiskidetasuna balioan jarriko duen spot sortzaile eta originalak bilatzen dituena.

Harreman osasuntsuak funtsezkoak dira garapen integral, sozial eta emozionalerako, eta beharrezkoak dira nortasuna eraikitzeko eta ongizate orokorra lortzeko. Harreman osasuntsu horiek eraikitzeko orduan, lagunek garrantzi handia dute.
Adiskidetasuna errespetua, babes eta onarpena izatea da, epairik gabe norbera izateko aukera. Harreman horretan lekua eta elkarren laguntza izateko aukera izatea, eta bidea elkarrekin egitearen sentsazioa. Lagun bat altxor bat da, zaindu beharreko harreman estu, sendo eta orekatua.

Zeintzuk dira harreman osasuntsuen oinarriak? Nola jakin harreman bat osasuntsua dela?

Kanpaina bat egingo balitz, administrazioak edo eta enpresa pribatu batek sustatuko balu, nolakoa izango litzateke zure proposamen sortzailea?