“Nekazaritza familia baten hazitakoa naiz eta aurtengo gaia asko gustatu zait”
BEÑAT ABASOLO
2020ko Euspot lehiaketako publikoaren sariaren irabazlea.
Gaur egun ikus-entzunezko teknikaria.
Nola gogoratzen duzu Euspot-en parte hartu izana?
Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezkoak ikasten nenbilela izan nuen honen berri, eta urtero eman nuen izena. Hasieran lan eskasagoak egin genituen, baina gehiago ikasita hobetzen joan ginen. Bi sari irabazi genituen: musika sinkronizazio onena eta Mondragon Unibertsitateko ikasleen onena.
Zu nekazaritza-familia batekoa zara. Nolakoa da nekazaritza-familia baten bizitzea?
Aitak eta osabak behiak dituzte eta esnea ekoizten dute aspalditik. Niretzat desberdintasun handiena herrian ez bizitzerako orduan da askeago eta lasaiago bizi garela, estres gutxiagorekin. Bizitza osasuntsu eta askea daramagu. Esaterako, jaten ditugun barazkiak, haragia… guztia da etxekoa. Hori ere asko baloratzen dut. Gainera, pandemian argi ikusi da baserri ingurunean bizitzeak dituen abantailak.
“Nekazaritza-familian askeago eta lasaiago bizi gara, estres gutxiagorekin”
Gaur egun teknologia eta nekazaritza-familia uste baino lotuago daude, ezta?
Bai. Esaterako, aitak eta osabak aspalditik daukate robotizatuta behien ustiapena eta uneoro dabiltza teknologia berria gehitzen. Egia esanda, teknologiak dezente erraztu du familia-nekazaritzaren egunerokoa.
“Ikus-entzunezkoak ikasteko asmoa baduzu, Euspot eskola ederra da”
Eta zer deritzozu Euspot-eko aurtengo gaia hori izatea?
Aproposa dela uste dut; nekazaritza familia baten hazitakoa naiz eta aurtengo gaia asko gustatu zait. Gero eta jende gehiagok esaten du baserri bizimodua gustuko duela, baina errelebo falta dago eta gazteak pausoa ematera animatu behar dira. Izan ere, bizimodu eta lan lotua da, baina era berean askea; merezi du.
Zer esango zenieke lehiaketan parte hartzeko zalantzan daudenei?
Parte hartzeko. Ez da lan handia, eta sariak oso onak dira. Ez daukate ezer galtzeko, eta asko irabazteko. Gainera, ikus-entzunezkoak ikasteko asmoa baduzu, eskola ederra da.
Eta zer aholku emango zenieke?
Ez izateko lotsarik eta arriskatzeko. Nahiz eta hasieran pentsatu ideia zoroa dela, borobilduz gero ideia onena izan daiteke.