“Nahi genuke erakustea zer nolako baloreak dituen kooperatibismoak Euskal Herrian” (Belen Balerdi / EKGK)

Aurkeztu da Euspoten edizio berria Euskadiko Kooperatiben Goren-kontseiluaren eraikinean. Hauek parte hartu dute: Belen Balerdi, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko idazkari nagusia; Arantzazu Lagunilla, Arteman Komunikazioko zuzendaria; Xabi Igoa, Mondragon Unibertsitateko Komunikazio digitala ibilbideko koordinatzailea; Unai Elkoro, Aretxabaletako alkatea; Rober Gutierrez, Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria eta Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduraduna.

Aurtengo gaia: “ZERGATIK LAN EGIN KOOPERATIBA BATEAN?”

Aurtengo spotak animatu behar ditu gazteak kooperatibismora gerturatzen eta kooperatibismoa balioan jartzea izan behar du helburu.

Zerk bereiztu du kooperatiba bat eta kooperatiba ez den enpresa bat? Zergatik nahi duzu kooperatiba bat sortu edo kooperatiba batean lan egin? Zer eskaintzen digu proiektu kooperatibo batek bestelako ereduekin alderatuta? Asko izan daitezke arrazoiak eta asko erantzunak.

Kooperatibista izatea edo kooperatibismoa, eredu gisa, zer da zuretzat? Sortu 30 segundoko iragarkia pertsona kooperatiboak, bereziki gazteak, eta kooperatibismoa balioan jartzeko.

Asko izan daitezke arrazoiak kooperatiba batean lan egiteko: kooperatibetan soldata duina irabazten delako, aberastasunaren banaketa orekan oinarritzen delako, herritik sortutako eta herrira ondo errotutako proiektuak direlako. iraunkorragoak, kalitatezko enplegua eragiten dutelako, gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna sustatzen dutelako eta berrikuntza handiko proiektuak direlako.  Kooperatibek enpresaren erabakietan parte hartzeko aukera eskaintzen digute eta horrek ere erakargarri bilakatzen ditu. 

 

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren babesletza

Aurten Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak parte hartuko du babesle nagusi gisa. Erakunde publiko bat da, eta euskal administrazio publikoei aholkua ematen die kooperatibismoarekin loturiko gai guztien inguruan. EAEko ordenamendu sozioekonomikoaren erregimen legal eta instituzionala hobetzeko laguntza ematen du. Euskal kooperatibetan sortzen diren auzi-gaietan esku hartzen du, arbitraje, bitartekotza edota adiskidetze-prozeduren bidez. Gaur Euskadiko kooperatiben erakunde nagusia da.