
“Nahi genuke biltzea gazteen ikuspegitik zer nolako nekazaritzatik bizi nahiko luketen” (Josu Garaialde / HAZI)
Aurtengo edizioaren aurkezpena Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioaren campusean, Aretxabaletan, egin dugu.
Bertan izan dira antolatzaile eta sustatzaileak hedabideen aurrean denetariko azalpenak ematen. Horren gaineko bideo bat daukazue ikusgai hemen.
Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen Euspot euskarazko spot lehiaketa orain dela 10 urte, eta errotutako lehiaketa honek urtez urte gaia aldatu du, aurtengoa: “NEKAZARITZATIK BIZI NAHI DUGU!”.
Josu Garaialde / HAZI-ko Promozioko zuzendaria: “Nahi genuke biltzea gazteen ikuspegitik zer nolako nekazaritzatik bizi nahiko luketen”
Zuriñe Maguregi / Mondragon Unibertsitatea: Euspot bezalako ekimenak oso garrantzitsuak dira esperimentatzeko, sormenari eragiteko. Horregatik ezagutza hobetzeko oso baliagarria da edozeinendako”.
Arantzazu Lagunilla / Arteman Komunikazioa: “Aurten hiru berrikuntza nagusi daude: formatu horizontal zein bertikalean aurkeztu daitekeela, 30 segundu arteko iraupena izan beharko dute, eta on line formazio saioak indartuko dira”.
Aurtengo gaia: “NEKAZARITZATIK BIZI NAHI DUGU!”
Aurtengo spotak gazteak animatu beharko ditu familia-nekazaritzatik bizitzera. Helburua gazteak eta horien artean batez ere emakumeak landa eremura gerturatzea izan behar da.
Spot baten bitartez herritarrak kontzientziatu nahi ditugu bertako familia nekazaritzak ingurumen eta gizarte jasangarritasunari ematen dion guztia balioan jartzeko eta lehen sektorea indartzeko.
Zer den familia-nekazaritza? Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ustiatzeko modu jasangarri eta orekatu bat.
Hauek dira familia nekazaritzaren gaur egungo erronkak:
- Elikadura
- Krisi klimatikoa
- Lurraldearen antolaketa
- Jasangarritasun ekonomikoa
- Gizateriaren ongizatea.
Gazteek heldu behar diote ustiapen eredu jasangarri horri, beraien esku dago horren irautea, eta gizartearen esku ustiapen horietako elikagaiak kontsumitzea. Lurrak ematen diguna ustiatzetik bizi dira Euskal Herriko familia asko eta asko eta horiei zor diegu, lanpostu ugari sortzeaz gain, gure lurra eta paisaia zaintzea eta gure natura ingurunea hobetzea. Bizitzeko beste modu bat. Tokiko produktuak, kalitatezko produktuak. Km 0. Jasangarria.
HAZIren babesletza
Aurten HAZIk parte hartuko du babesle gisa. HAZIren helburua da Euskadiko lehen sektorearen eta elikadura-sektorearen, landa-eremuaren eta itsasertzaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna bultzatzea. HAZIk nahi du nekazaritzako elikagaien sektorean zerbitzurako tresna izatea, besteak beste landa-eremuaren eta itsasertzaren garapen iraunkorra, eremu horietako langileen profesionalizatzea eta produktuen kalitatean laguntzeko.