“Izan burua, altxa burua” spota irabazle EUSPOT lehiaketan
2024ko edizioak parte-hartze handia izan du; 87 spot jaso dira guztira, 18 urtetik beherakoek eginiko 60 lan jaso dira eta 18 urtetik gorakoek eginiko 27. Euskarazko spot lehiaketako 13. edizioaren helburua izan da mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak azaltzea. Publikoaren sarirako 800 boto baino gehiago jaso dira.
Sari banaketa ekitaldia
Aretxabaletako Arkupe kultur etxean egin da sari banaketa ekitaldia. Zaraia aretoa jendez bete da irabazleen izenak zeintzuk diren jakiteko eta lanak txalotzeko. Nahia Sillero aktoreak aurkeztu du sari banaketa eta bere antzezlanarekin ere gozatu ahal izan da. Lehiaketan aurkeztutako 87 iragarkietatik epaimahaiak aukeratutako 20 finalistak ikusi ahal izan dira pantaila handian eta ekitaldi ostean luntxaz gozatu ahal izan dute gerturatutakoek.
Ekitaldiaren argazki albuma: https://www.flickr.com/photos/arteman/albums/72177720317687991
Irabazleak
Guztira, Euspot-ek 3.000 eurotik gora banatu ditu saritan, sei kategoria ezberdinetan:
Spotik onena / 1.000 euro
“Izan burua, altxa burua” spota
Egilea: Oihan Loiti Iraola (Arrasate)
Spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna da gehien baloratu dena.
Miren Dobaran Urrutia, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak banatu du saria.
Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena / 500 euro
“Distrakzioaren Adikzioa” spota
Egileak: Unai Cantabrana, Aner Olaizola eta Danel Ezpeleta (Elgeta, Orereta eta Arrasate)
Xabi Igoa, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arloko zuzendariak banatu du saria.
Publikoaren saria / 500 euro
800 bozkatik gora jaso dira sarean guztira.
“Gora begira mundu berria” spota
Egileak: Julen Calderon Soria, Garazi Prieto Fernández eta Zaloa Garcia Rodríguez (Soraluze)
Garikoitz Iturbe, Aretxabaletako alkateak banatu du saria.
Musika sinkronizazio onenaren saria / 300 euro
Iragarkiaren musika egokitasunagatik eta originaltasunagatik.
“Distrakzioaren Adikzioa” spota
Egileak: Unai Cantabrana, Aner Olaizola eta Danel Ezpeleta (Elgeta, Orereta eta Arrasate)
Arantzazu Lagunilla, Artemaneko zuzendariak banatu du saria.
Gazteen saria (18 urtetik beherakoak) / 500 euro
“Heldua zu zara, heldutasunez jokatu” spota
Egileak: Peru Arrese eta Izadi Zumalde (Arrasate)
Ibon Arrizabalaga, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak banatu du saria.
Arizmendiko ikasleen spotik onena / 250 euro
“Zuk zeuk erabaki” spota
Egileak: Eider Sanchez, Maddi Lasa eta Itxaso Lopez (Aretxabaleta eta Eskoriatza)
Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduradunak banatu du saria.
Parte-hartze handia: Euskal Herri osotik jasotako 87 spot
Euspot Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Ondo errotutako lehiaketa da eta orain arteko edizio guztiak batuta 800 spot inguru jaso dira. 2024ko edizioan Euspoten parte-hartzea handia izan da: guztira 87 lan aurkeztu dira. Aurkeztutako lanen artean, 27 lan 18 urtetik gorakoek eginak dira, eta 60 spot adin txikikoek eginak.
Spot guztiak ikusgai: https://euspot.eus/hemen-dituzue-87-spotak-ikusgai-2/
Aurten ere Euskal Herriko leku askotan landu dituzte spotak: Zarautz, Urruña, Hernani, Donostia, Bilbo, Gasteiz, Elgoibar, Soraluze, Bermeo, Sopela, Durango, Oiartzun, Aretxabaleta, Orio, Elgeta, Orereta, Villabona, Legazpi, Arrasate, Gernika, Irun, Eskoriatza, Oñati, Leintz Gatzaga…
Eskerrik asko guztiei, eta zorte on!!
Aurtengo gaia: “TELEFONO MUGIKORRAK ETA ADIN TXIKIKOAK”
12 urteko seme-alabak mugikorra eskatu die gurasoei. Zer egin?
30 segundoko iragarki bat sortu beharko da mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak azaltzeko. Gizartean eztabaida bero-bero dago arlo honen inguruan; asko dira mugikorren erabilerari mugak edo debekuak jarri nahi dizkieten kolektiboak eta adin txikikoek egiten duten mugikorren erabilerarekin oso kritiko azaltzen direnak. Badira egitasmo konkretuak herri ezberdinetan martxan jarri direnak, guraso elkarte ezberdinetatik sustatu diren kanpainak, mugikorraren erabilera ez egokiak arazo larriak sor ditzakeela dioten profesionalak…
Helburua izan da 30 segundoko iragarki bat sortzea gizartean kontzientzia pizteko eta bereziki guraso gazteen kolektiboan eragiteko. “12 urteko seme-alabak mugikorra eskatu die gurasoei. Zer egin?” gaiari erantzun behar dioten spot sortzaile eta originalak bilatzen aritu gara. Teknologiak eta mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak aintzat hartuko dituzten iragarkiak.
Publikoaren sarirako 800 boto baino gehiago
Publikoaren boto gehien dituen spotak 500 euro jasoko ditu. 4 egunetako epean 800 boto baino gehiago jaso dira guztira aurten.
500 ikasle sormenari buruzko formazio saioetan
Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioak eskaini ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Azken urteetan 4.500 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak Euskal Herriko hezkuntza zentro ezberdinetan.
Aurten babesle nagusia Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
2024ko edizio honetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila izango da babesle nagusia.
Honako hauek dira babesle eta antolatzaileak:
Babeslea:
- Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Antolatzaileak:
- Aretxabaletako Udala
- Arteman Komunikazioa
- Mondragon Unibertsitatea
- Arizmendi Ikastola
Laguntzaileak:
- Bai euskarari Elkartea
- Music Library