“Helburu nagusia izango da bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzea” Cristina Uriarte Toledo / Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua

Aurten babesle nagusia Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030 (ZTBP 2030)
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana, Euskadi 2030 (ZTBP 2030) plana zuzenean lotzen da Euskal Autonomia Erkidegoak ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustu estrategikoarekin. Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoa berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea 2030ean. Ikuspegia da bizi-maila eta enpleguaren kalitatea hobetzea. Estrategia hori erakunde publikoekin, enpresekin, unibertsitateekin, ikerketa-zentroekin, teknologia-zentroekin eta eragile sozioekonomikoekin partekatzen du.

Aurtengo gaia: “ZIENTZIALARI ETA IKERTZAILE IZAN NAHI DUT!”
30 segundoko iragarki bat sortu beharko da bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzeko, gazteengan zientzia eta teknologiarekiko interesa eta grina pizteko eta munduaren eraldaketan aktiboki parte hartzeko. STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) gaiak gazteengana hurbildu eta balioetsi nahi dira, eta STEAM eduki eta lanbideen interes eta ezagutza maila handitu, haien garapen profesionala eta etorkizuneko gizartearen eraikuntzan duten parte-hartzea errazteko. Sormena eta ikasteko grina bultzatu nahi dira, pentsamendu zientifikoa sustatuz.

Oso teknifikatuta dagoen gizarte batean bizi gara, non erronkak gero eta konplexuagoak eta globalagoak diren. Pandemiarekin ikusi den bezala, erronkei aurre egiteko zientziaren beharra dugu inoiz baino gehiago. Gaur egungo munduaren konplexutasunei aurre egiteko pertsona guztiek hainbat trebetasun izan behar dituzte, diziplina aniztasunetik eta sormenetik abiatuta. Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematikako (STEAM) hezkuntza eta prestakuntza sustatuz, oro har gizartearen gaitasun zientifikoa hobetu nahi dugu.