EUSPOT lehiaketaren sari banaketa ekitaldia maiatzaren 17an ospatuko da

2018ko edizioan izugarrizko igoera izan da parte hartzaile kopuruan eta kalitatean, guztira 73 spot aurkeztu dira lehiaketara, iaz baino 22 spot gehiago. Epai-mahaiak datorren astean banatuko ditu sariak, maiatzaren 17an, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan arratsaldeko zazpietatik aurrera egingo den sari banaketa ekitaldian. Iban Garcia eta Ana Goitia aurkezle ezagunek gidatuko dute sari banaketa ekitaldia.

Besteak beste, euskaraz sormena sustatzeko eta gazteen artean ikus-entzunezkoen diziplina berriak bultzatzeko sortu zen Euspot. “Irudi digitala gure bizitzako harremanetan” izan da aurtengo edizioko gaia eta sare sozialen erabileraren inguruan hausnarketa egitea izan du helburu. Sare sozialak gure bizitzako ia esparru guztietara zabaldu dira, eta horrek gure artean harremantzeko moduak ere baldintzatzen ditu. Nerabe zein helduok, sare sozialetan gutaz lantzen dugun irudiari garrantzia handiegia ematen ote diogun eta alderdi birtual horretan jasotzen dugun erantzun, oihartzun eta oniritzi edo oniritzi ezari kasu gehiegi egiten ote diogun hausnartu nahi izan dugu Euspoten bidez.

 

73 spot, parte hartze historikoa 

2018ko lehiaketa orain arteko arrakastatsuena izan da. Guztira 73 lan aurkeztu dira, aurten ere Euskal Herriko leku askotatik jaso ditugu spotak, horien artean Gasteiz, Irun, Aretxabaleta, Donostia, Zarautz, Arrasate, Bilbo, Andoain, Azkoitia, Viana, Zornotza, Bergara, Eskoriatza, Orozko, Aramaio, Hernani, Legazpi, Pasaia, Azpeitia, Ordizia, Oñati, Ataun,… Aurkeztutako lanen artean, 18 urtetik beherakoek eginiko 47 lan jaso dira eta 18 urtetik gorakoek eginiko 26 lan. Parte hartze kopuruan eta kalitatean igoera nabarmena izan da aurten, iaz baino 22 spot gehiago jaso bait dira, igoera horren arrazoia da hainbat ikastetxeetan, propio lehiaketarako, egindako lanketa berezia. Aipatzekoa da batez ere 18 urtetik beherakoen arteko lanek kalitatean izan duten igoera nabarmena. Gazteek Euspotekiko duten atxikimenduaren isla da, adibidez, 2018ko edizioan sei eguneko epean 2.000 bototik gora eman direla sarean lan gustukoenak aukeratzeko.

Spotak ikusgai: https://euspot.eus/publikoaren-sarirako-2-000-bototik-gora-jaso-ditugu/

 

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 17an

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 17an egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean. Zaraia aretoa jendez beteko da irabazleen izenak zeintzuk diren jakiteko. Ekitaldi irekia izango da eta telebistako bi pertsona ezagunek aurkeztuko dute; Iban Garcia Youtuberrak eta Ana Goitia Instagramer ezagunak. Ekitaldia zazpietan hasiko da eta eskertuko da ikusleak eta parte-hartzaileak hamar-hamabost minutu lehenago iristea bertara. Hedabideei ere eskaera bera eskatzen diete antolatzaileek. Sari banaketaren ondoren, luntxa izango da gerturatzen diren guztientzat. Guztira, Euspotek 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan:

1.- Spotik onena. / 1.000 euro
2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro
3.- Publikoaren saria. / 500 euro
4.- Musika sinkronizazio onenaren saria. / 300 euro
5.- BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro

 

Ikus-entzunezko publizitatearen gaineko saioak ikastetxeetan

Aurtengo edizioa berrikuntza ugarirekin etorri da. Batetik, musika sinkronizazio onenaren saria izango dugu MusicLibrary-k eskainita eta bestetik, formazioan egin da saiakera berezia. Harrobi lan horretan indartsu ekin dio aurten antolakuntzak, ikus-entzunezko publizitatearen gaineko saioak eskainiz ikastetxeetan, zein ikus-entzunezko eskola espezializatuetan.

 

Sare sozialetan jarraitzaile kopurua bikoiztu da

Berrikuntzen artean, nabarmentzekoak dira aurten Facebook eta Instagramenen egin diren zozketak. 2 Polaroid OneSrep2 kamera zozketatu dira eta eta 1.500 pertsona baino gehiagok parte hartu dute. Irabazleak, Mikel Aspano eta Idoia Garate izan dira. Gainera, Euspot lehiaketak aurten Instagram kontua estreinatu du eta 3 sare sozialetako jarraitzaile kopuruari dagokienez, bikoiztu egin da jarraitzaile kopurua; guztira 2.000 jarraitzaile ditut Euspotek sare sozialetan.

(Visited 139 times, 1 visits today)

About The Author

Zure interesekoak izan daitezke