EUSPOT lehiaketako sari nagusia Idiazabalgo “Geroa ereiten” spotak irabazi du

2021eko edizioan parte-hartzea oso handia izan da; guztira 87 spot aurkeztu dira, iaz baino 36 lan gehiago. ‘NEKAZARITZATIK BIZI NAHI DUGU!’ izenpean, spotak animatu behar izan ditu gazteak eta batez ere emakumeak familia-nekazaritzatik bizi izatera. Publikoaren sarirako 3.000 boto baino gehiago jaso dira hiru egunetan.

Sari banaketa ekitaldia

Aretxabaletako Arkupe Kultur etxeko Zaraia aretoan egin da sari banaketa ekitaldia. Zaraia aretoa jendez bete da irabazleen izenak zeintzuk diren jakiteko eta lanak txalotzeko. Ane Zuazubiskar kazetari eta bertsolariak gidatu du ekitaldia eta lehiaketan aurkeztutako 87 iragarkietatik epaimahaiak aukeratutako 15 finalistak ikusi ahal izan dira pantalla handian. Bertaratutakoek Eñaut Zubizarreta biolontxelo jotzaile aretxabaletarren musikarekin ere gozatu ahal izan dute ekitaldian.

Ekitaldiaren argazki albuma: https://www.flickr.com/photos/arteman/albums/72157719338886970

 

Irabazleak

Guztira, Euspotek 2.800 euro banatu ditu saritan, sei kategoria ezberdinetan:

Spotik onena / 1.000 euro

“Geroa ereiten” spota

Egilea: Iñigo Zapirain Garmendia (Idiazabal).

Spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna dira gehien baloratu direnak.

Bittor Oroz, HAZI-ko lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak banatu du saria.

 

Publikoaren saria / 500 euro

3.000 bozkatik gora jaso dira sarean guztira.

“Nondik datorren jakin” spota

Egileak: Amaia Renobales Euba eta Iban Garcia Azpiazu (Durango eta Azkoitia).

Koldo Zubillaga, Aretxabaletako Udaleko kultura zinegotziak banatu du saria.

 

Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena / 500 euro

“Nik ez ditut sustraiak moztuko” spota

Egileak: Sara Iriarte, Garaia Pagola, Danel Teran (Oñati).

Mezuaren egokitasuna da gehien baloratu dena.

Zurine Maguregi, Mondragon Unibertsitateko ordezkariak banatu du saria.

 

Musika sinkronizazio onenaren saria / 300 euro

Iragarkiaren musika egokitasunagatik eta originaltasunagatik.

“Nondik datorren jakin” spota

Egileak: Amaia Renobales Euba eta Iban Garcia Azpiazu (Durango eta Azkoitia).

Arantzazu Lagunilla, Artemaneko zuzendariak banatu du saria.

 

Gazteen saria (18 urtetik beherakoak) / 250 euro

Berdinketa egon denez, saria 2 partaideren artean banatu da:

“Emakumeak  eta baserria” spota

Egilea: Kemen Virto (Etxalar).

“Ez izan tuntuna, erosi Km0” spota

Egileak: Ugaitz Gruceta, Erlantz Negro eta Joanes Arana (Aretxabaleta).

Spoten kalitate teknikoa da gehien baloratu dena.

Rober Gutierrez, Bai euskarari elkarteko zuzendariak banatu ditu sariak.

 

Arizmendiko ikasleen spotik onena / 250 euro

“Etorkizunera begira” spota

Egileak: Lur Bengoa Zubizarreta, Nagore Garnateo Ignacio eta Leire Calvo Mendia (Arrasate)

Spotaren originaltasuna da gehien baloratu dena.

Alberto Garro, Arizmendiko komunikazio arduradunak banatu du saria.

 

Euskal Herri osotik jasotako 87 spot

2021eko edizioan Euspoten parte-hartzea itzela izan da: guztira 87 lan aurkeztu dira, iaz baino 36 spot gehiago. Aurkeztutako lanen artean, 52 lan 18 urtetik gorakoek eginak dira, eta 35 spot 18 urtetik beherakoek eginak.

Aurten ere Euskal Herriko leku askotan landu dituzte spotak: Hondarribia, Donostia, Durango, Gasteiz, Urruña, Irun, Bergara, Dima, Bilbo, Eibar, Arrasate, Aramaio, Leitza, Mungia, Etxalar, Mendexa, Azkoitia, Aretxabaleta, Zarautz, Soraluze, Orereta, Doneztebe, Hernani, Idiazabal, Garai, Legazpi, Oñati, Errezil, Sodupe, Barakaldo, Zarautz, Asteasu, Mendaro, Ataun, Etxebarria, Irura, Bermeo, Etxaguen, Leintz Gatzaga, Eskoriatza… Eskerrik asko guztiei, eta zorte on!!

Spot guztiak ikusgai: https://euspot.eus/hemen-dituzue-87-spotak-ikusgai/

 

Aurtengo gaia: “NEKAZARITZATIK BIZI NAHI DUGU!”

Aurtengo spotak gazteak animatu ditu familia-nekazaritzatik bizitzera. Helburua gazteak eta horien artean batez ere emakumeak landa eremura gerturatzea izan da. Spot baten bitartez herritarrak kontzientziatu nahi izan dira bertako familia nekazaritzak ingurumen eta gizartearen jasangarritasunari ematen dien guztia balioan jartzeko eta lehen sektorea indartzeko.

Zer den familia-nekazaritza? Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ustiatzeko modu jasangarri eta orekatu bat. Hauek dira familia nekazaritzaren gaur egungo erronkak:

  • Elikadura
  • Krisi klimatikoa
  • Lurraldearen antolaketa
  • Jasangarritasun ekonomikoa
  • Gizateriaren ongizatea.

Gazteek heldu behar diote ustiapen eredu jasangarri horri, beraien esku dago horren irautea, eta gizartearen esku ustiapen horietako elikagaiak kontsumitzea. Lurrak ematen diguna ustiatzetik bizi dira Euskal Herriko familia asko eta asko eta horiei zor diegu, lanpostu ugari sortzeaz gain, gure lurra eta paisaia zaintzea eta gure natura-ingurunea hobetzea. Bizitzeko beste modu bat. Tokiko produktuak, kalitatezko produktuak. Km 0. Jasangarria.

 

Publikoaren sarirako 3.000 boto 3 egunetan

Publikoaren boto gehien dituen spotak 500 euro jaso ditu. 3.000 boto baino gehiago jaso dira aurten, inoiz baino gehiago. Bestalde, nabarmentzekoa da aurten Instagramen egin den zozketa: 2 kamera Kodak Printomatic zozketatu dira eta 350 pertsona baino gehiagok parte hartu dute; irabazleak Leire Merino eta Urko Arakistain izan dira.

 

HAZIren babesletza

Aurten HAZI izan da babesle nagusia. HAZIren helburua da Euskadiko lehen sektorearen eta elikadura-sektorearen, landa-eremuaren eta itsasertzaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna bultzatzea. HAZIk nahi du nekazaritzako elikagaien sektorean zerbitzurako tresna izatea, besteak beste landa-eremuaren eta itsasertzaren garapen iraunkorra, eremu horietako langileen profesionalizatzea eta produktuen kalitatean laguntzeko.

Honako hauek dira edizio honetako babesle eta antolatzaileak:

  • HAZI
  • Aretxabaletako Udala
  • Arteman Komunikazioa
  • Mondragon Unibertsitatea
  • Arizmendi Ikastola
  • Bai euskarari
  • Music Library

 

Sormenari buruzko online formakuntzak arrakasta

Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko online formazioa eskaini du spot egileen harrobia indartzeko asmotan. 2020ko Euspot-eko irabazle eta ikus-entzunezko sortzaile Julen Urtxegik eman du 15 minutuko online formakuntza saioa. Formazio saioen helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Lehiaketaren inguruko informazioa eta baldintzak azaltzeaz gain, publizitatearen inguruan hitz egin eta ideiak, ereduak eta kanpainak ikusi eta azaldu ditu. Ikusgai dago orain ere.

Online formazioa ikusgai:  https://www.youtube.com/watch?v=S05GpKU4y4Y