“Gazteok sormena euskaraz martxan jartzeko aitzakia aproposa da Euspot”
EIDER BALLINA
2016ko Euspot lehiaketako publikoaren sariaren irabazlea.
Gaur egun ikus-entzunezko teknikaria.
Zer da zuretzat Euspot?
Gazteok sormena euskaraz martxan jartzeko aitzakia aproposa. Gainera, bada aukera bat egunero eskura ditugun telefono mugikor eta bestelakoei erabilera sortzaileagoa emateko.
Nola gogoratzen duzu?
Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari nintzela, Euspot-en parte hartzeagatik kredituak ematen zizkiguten eta izena eman genuen erdi derrigortuta. Baina guay egon zen, asko disfrutatu genuen: produkzioa egin, grabazio plana, lagun batekin grabatu, off ahotsa … Klaseko egunerokoarekin apurtzeko balio izan zigun. Gainera, Ikusleen saria jaso genuen. Eta sari hori beti da berezia, ilusio gehien sortarazten didana.
“Asko disfrutatu genuen: produkzioa egin, grabazio plana, lagun batekin grabatu, off ahotsa… ”
Zer iritzi daukazu aurtengo gaiaz?
Oso aproposa iruditzen zait. Baserrian bizi naiz baina nire burua erdi-baserritartzat daukat ez naizelako horretaz bizi. Zoritxarrez baserri bizimodua gainbeheran dago eta garrantzitsua da hori balioan jartzea: lan handia dauka, baina poztasun asko ematen ditu. Gainera, Euskal Herrian posible da Km O kontsumitzea eta horri zor diogu.
Zer esango zenieke Euspot-en izena emateko zalantzan daudenei?
Ez dutela ekipo profesionalik behar. Ideia on bat izatea eta hori garatzea da garrantzitsuena.
Eta aholkurik emango zenieke?
Bai. Grabatzen hasi aurretik zer istorio eta nola kontatu nahi duten ondo pentsatzeko; musika ona aukeratzeko; eta gogoan izatea askotan hobe dela sinplifikatzea.
Bukatzeko, zein proiektutan zabiltza orain?
Ikus-entzunezkoak egiten nabil, eta orain gutxi parte hartu dudan ‘Mendian Hil, Hirian hil’ dokumentala estreinatu berri dugu; oso harrera ona izaten ari da eta oso pozik nago.