Euspot, euskarazko spot lehiaketak, sare sozialak eta euskara izango ditu hizpide
Aurten egingo da bigarren edizioa eta lehiaketaren helburua euskarazko sormena bultzatzeaz gain, arlo guztietara euskararen erabilera hedatzea da.
2013ko edizioaren gaia izango da: ‘sare sozialak eta euskara’.
Antolatzaileak HUHEZIko (MU) Komunikazio Departamentua, Aretxabaletako Udala eta Arteman Komunikazioa Koop. Elkartea dira. Bi helbururekin sortu zen 2012an Euspot lehiaketa: batetik hutsune bat bete nahi du ikus-entzunezkoen eta euskararen sorkuntzaren arloan, eta bestetik, euskararen erabilera bultzatu nahi du esparru guztietan. Hain justu ere, lehiaketan parte hartuko duten spot horiek herritarren arteko ahozko harremanetan euskararen erabilera bultzatu beharko dute.
Iaz egin zen lehenengo edizioa eta dozena bat lan aurkeztu ziren, horietatik hiru Aretxabaletako Udalak erabili izan ditu herriko zinema aretoan zine-emanaldien aurretik iragarki gisa emititzeko. Aurten, aldaketak ere izan dira oinarrietan eta 16urtetik gorako neska mutikoek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Gainera, sari berri bat egongo da adin tarte horretako lan onenarentzat.
Aretxabaletan euskararen erabileraren inkesta
Euskararen erabileraren azken inkestak datu kezkagarriak eskaini ditu Aretxabaletan, izan ere, gazteen artean euskararen erabilerak behera egin du. Arlo horretan lan egitea ezinbestekoa dela uste du Aretxabaletako Udalak, eta helburu horrekin egingo da aurtengo edizioa. Gaiak gazteak, sare sozialak eta euskara izango baititu hizpide. Oinarrietan jasota dagoen moduan “sare sozialak eta euskara” izango da Euspoten gaia aurten.
Epaimahaia
Epaimahaia komunikazio arloko profesionalek, Arteman Komunikazioa enpresako ordezkariek, Loramendi Euskara Elkarteko kideek, Mondragon Unibertsitateko irakasleek eta Aretxabaletako Udaleko ordezkariek osatuko dute. Lanak, berriz, apirilaren 10a baino lehen aurkeztu beharko dira www.euspot.eu webgunean eta sari banaketa ekitaldia apirilaren 16an egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan. Guztira, sekulako sariak banatuko ditu Euspot Lehikatek aurten ere: 2.250,00 euro banatuko dira sarietan.
Lau sari banatuko dira:
1.- Spotik onena. / 1.000 euro
2.- MUko ikasleen spotik onena. / 500 euro
3.- Publikoaren saria. / 500 euro
4.- Gazteen saria (18 urte beherakoak) / 250 euro
Lehiaketaren oinarriak eta informazio gehiago: http://euspot.eu/lehiaketaren-oinarriak/