Euspot eta publizitatearen gaineko formazio saioa Arizmendi Ikastolan

Arizmendi euspot-1

Euskarazko sormena eta telebista spoten gaineko interesa pizteko asmoz Arizmendi Ikastolara gerturatu gara, Almen gunera. DBH hiruko 50 ikasleren aurrean Euspot 2015 aurkeztu genuen eta datorren martxoaren 4an berriro gerturatuko gara, DBH lau eta Batxilergoko ikasleekin beste bi saio egitera. Euspot Artemanek, Aretxabaletako Udalak eta Mondragon Unibertsitateak elkarrekin abian jarritako euskarazko spoten lehiaketa da, orain lau urte martxan jarri genuena eta ordutik hona lehiaketa eta batez ere euskarazko sormena sustatzeaz gain, harrobi lana egiten saiatu gara eta ikastola eta eskoletan formazio saiotxoak eskaini ditugu. Saio horietan, spot bat nola egin azaldu diegu ikasleei edo eta spot batek aintzat hartu behar dituen eta izan behar dituen ezaugarrien dekalogoa ere aipatu genien. Arizmendi Ikastolako Almen guneko formazioa bertako irakasle Unai Busturia, Maite Beitia eta Kepa Isasmendiren koordinazioari esker egin ahal izan genuen. Formazio saio labur horien helburu nagusia da Euspoterako lehiakideak bilatzea eta iragarkien lehiaketan parte hartzeko interesa piztea. Iaz 22 lan aurkeztu ziren eta, horien artean, zortzi, 14 eta 18 urte bitarteko neska mutikoek eginikoak izan ziren. Apirilaren 24an amaitzen da lanak aurkezteko epea, beraz, ez birritan pentsatu eta hasi sormena lantzen.