Ekainaren 2an jakingo dugu zeintzuk diren EUSPOTeko irabazleak

Urruñatik Getxoraino: Euskal Herri osotik jasotako 95 spot

Euspot Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Ondo errotutako lehiaketa da eta orain arteko edizio guztietan 500 spot inguru jaso dira. 2022ko edizioan Euspoten parte-hartzea itzela izan da: guztira 95 lan aurkeztu dira, iaz baino 8 spot gehiago. Aurkeztutako lanen artean, 29 lan 18 urtetik gorakoek eginak dira, eta 66 spot 18 urtetik beherakoek eginak.

Spot guztiak ikusgai:  https://euspot.eus/hemen-dituzue-95-spotak-ikusgai/

Aurten ere Euskal Herriko leku askotan landu dituzte spotak: Urruña, Arrigorriaga, Durango, Donostia, Gasteiz, Getxo, Legazpi, Bermeo, Sopela, Arrasate, Beasain, Oñati, Errenteria, Aretxabaleta, Bergara, Azkoitia, Ataun, Idiazabal, Eskoriatza, Aramaio, Leintz Gatzaga…  Eskerrik asko guztiei, eta zorte on!!

 

Sari banaketa ekitaldia ekainaren 2an Aretxabaletan

Aretxabaletako Arkupe kultur etxean izango da sari banaketa ekitaldia. Beñat Arizabaleta musikariak aurkeztuko du sari banaketa eta bere musikarekin ere gozatu ahal izango dugu. Sarrera irekia izango da eta ekitaldi ostean luntxa egingo da.

3.000 euro baino gehiago saritan. Sei sari banatuko dira.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Gazteen saria (14-18 urte) (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Publikoaren sarirako 700 boto baino gehiago

Publikoaren boto gehien dituen spotak 500 euro jasoko ditu. 4 egunetako epean 700 boto baino gehiago jaso dira aurten.

 

Aurtengo gaia: “ZERGATIK LAN EGIN KOOPERATIBA BATEAN?”

Aurtengo spotak animatu behar izan ditu gazteak kooperatibismora gerturatzen eta kooperatibismoa balioan jartzea izan du helburu. Zerk bereizten ditu kooperatiba bat eta kooperatiba ez den enpresa bat? Zergatik nahi duzu kooperatiba bat sortu edo kooperatiba batean lan egin? Zer eskaintzen digu proiektu kooperatibo batek, bestelako ereduekin alderatuta? Asko izan daitezke arrazoiak eta asko erantzunak. Kooperatibista izatea edo kooperatibismoa, eredu gisa, zer da zuretzat? Asko izan daitezke arrazoiak kooperatiba batean lan egiteko: kooperatibetan soldata duina irabazten delako, aberastasunaren banaketa orekan oinarritzen delako, herritik sortutako eta herrira ondo errotutako proiektuak direlako. iraunkorragoak, kalitatezko enplegua eragiten dutelako, gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna sustatzen dutelako eta berrikuntza handiko proiektuak direlako.  Kooperatibek enpresaren erabakietan parte hartzeko aukera eskaintzen digute eta horrek ere erakargarri bilakatzen ditu.

400 ikasle sormenari buruzko formazio saioetan

Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioak eskaini ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Azken urteetan 4.000 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak Euskal Herriko hezkuntza zentro ezberdinetan.

 

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren babesletza

Aurten Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua izan da babesle nagusia. Erakunde publiko bat da, eta euskal administrazio publikoei aholkua ematen die kooperatibismoarekin loturiko gai guztien inguruan. EAEko ordenamendu sozioekonomikoaren erregimen legal eta instituzionala hobetzeko laguntza ematen du. Euskal kooperatibetan sortzen diren auzi-gaietan esku hartzen du, arbitraje, bitartekotza edota adiskidetze-prozeduren bidez. Gaur Euskadiko kooperatiben erakunde nagusia da.

Honako hauek dira babesle eta antolatzaileak:

Babeslea:

  • Euskadiko Kooperatiben Goren-kontseilua.

Antolatzaileak:

  • Aretxabaletako Udala
  • Arteman Komunikazioa
  • Mondragon Unibertsitatea
  • Arizmendi Ikastola

Laguntzaileak:

  • Bai euskarari
  • Music Library

Instragameko zozketan 1.700 parte hartzaile

Nabarmentzekoa da aurten Instagramen egin den zozketa. DJI OM 4 SE egonkortzailea zozketatu da eta 1.700 pertsona baino gehiagok parte hartu dute. Irabazlea Oihane Belategi izan da. Zorionak!!