Aurkezpen ekitaldiko bideo laburpena ikusi nahi?

Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko banatzen dira Euspot sariak eta aurtengoa, jadanik, 8. edizioa izango da. “Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!” lelopean abiatu da aurtengo euskarazko spot lehiaketa eta aurkezpen ekitaldian izan dira ekimenaren sustatzaileak eta antolakuntza taldeko ordezkariak: Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, Aretxabaletako Udaleko euskara teknikari Ane Lore Estala, Mondragon Unibertsitateko ordezkari Goio Arana, Arizmendi Ikastolako ordezkari Gari Ibarzabal eta Artemaneko zuzendari Arantzazu Lagunilla. Beraiekin batera izan da Mugiment euskal gizarte aktiboa lortzeko egitasmoko Iker Etxeberria, gaiari buruzko iritzia ematen eta ikus-entzunezko sormen lehiaketari babesa eskaintzen.

Parte-hartzea gorantz doan lehiaketa da, iaz 73 lan aurkeztu ziren, eta horrek erakusten du ikus-entzunezkoen formatuak interesa pizten duela gaur egungo gizartean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek esan bezala “Gazteen artean, gainera, oro har gero eta presentzia handiagoa dute ikus-entzunezko edukiek eta ezinbestekoa da esparru horretan ere euskarazko sorkuntza bultzatu eta zukua ateratzen saiatzea. GFArentzat euskarazko ikus-entzunezkoak estrategikoak dira, komunikazioa oso arlo garrantzitsua baita”. Gazteek Euspotekiko duten atxikimenduaren isla da, adibidez, 2018ko edizioan sei  eguneko epean 2.000 bototik gora eman zirela sarean lan gustukoenak aukeratzeko. Asmoa da euskarazko sormena bultzatzea. Lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte.

Aurkezpen ekitaldiko argazkiak: https://www.flickr.com/photos/arteman/albums/72157704579674961

 

Aurtengo gaia: “Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!”

Aurten, Euspot lehiaketak jarduera fisikoaren inguruan hausnarketa egin nahi du. Spotak nabarmendu beharko ditu jarduera fisikoak eskaintzen dituen onura fisikoak, psikologikoak eta sozialak. Jarduera fisikoa esaten diogu energia kontsumitzen duen gorputzeko borondatezko mugimendu orori. Izan daiteke ariketa fisiko programatua (kirola esaten diogun hori: futbola, saskibaloia, tenisa…) edo gorputza mugiarazten duten jarduerak (jolasten garenean, garraio-modu aktiboetan, aisialdiko jardueretan…). Gizarte aktiboago bat sustatzea da helburua. Ez da ezinbestekoa gimnasio batera joatea edo lehia-kirola egitea aktibo izateko. Egunean zehar egiten ditugun jarduera fisikoekin onura berberak lor genitzake. Egunerokotasunean aktibo izateak osasun hobea izaten eta hobeto sentitzen laguntzen digu. Pertsona inaktiboak aktibo bihurtu nahi ditugu jarduera fisikoa areagotuz eta sedentarismoa baztertuz.

Lanak aurkezteko epea

Parte-hartzaileek maiatzaren 15era bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Guztira, Euspotek 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan. Aurten, sari banaketa ekitaldia maiatzaren 30ean egingo da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan.

 

2.550 euro saritan

Bost sari banatuko dira:

1.- Spotik onena. / 1.000 euro

2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro

3.- Publikoaren saria. / 500 euro

4.- Musika sinkronizazio onenaren saria. / 300 euro

5.- BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro

 

Parte-hartu nahi dutenek, lehiaketako briefa eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. http://www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko  dute lana aurkezterakoan. Imajinazioa martxan jarri eta ikus-entzunezko teknikak hobetzeko aukera paregabea da Euspot.