Ekainaren 10ean jakingo dugu zeintzuk diren EUSPOTeko irabazleak

Parte-hartze handia: Euskal Herri osotik jasotako 95 spot

Euspot Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Ondo errotutako lehiaketa da eta orain arteko edizio guztiak batuta 1.000 spot baino gehiago jaso dira. 2026ko edizioan Euspoten parte-hartzea handia izan da: guztira 95 lan aurkeztu dira. Aurkeztutako lanen artean, 14 lan 18 urtetik gorakoek eginak dira, eta 81 spot adin txikikoek eginak.

Spot guztiak ikusgai: https://euspot.eus/hemen-dituzue-95-spotak-ikusgai-2/

Aurten ere Euskal Herriko leku askotan landu dituzte spotak: Elizondo, Iruña, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Aretxabaleta, Zarautz, Santurtzi, Ondarroa, Bergara, Arrasate, Azkoitia, Oñati, Anztuola, Villabona, Legazpi, Oiartzun, Eskoriatza…

Eskerrik asko guztiei, eta zorte on!!

Sari banaketa ekitaldia ekainaren 10ean Aretxabaletan

Aretxabaletako Arkupe kultur etxean izango da sari banaketa ekitaldia. Nahia Sillero aktoreak eta Ian Ruiz eduki sortzaileak aurkeztuko dute sari banaketa, sarrera irekia izango da eta ekitaldi ostean luntxa egingo da.

3.000 euro baino gehiago saritan. Sei sari banatuko dira.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Gazteen saria (18 urtetik beherakoak) (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Publikoaren sarirako 1.800 boto baino gehiago

Publikoaren boto gehien dituen spotak 500 euro jasoko ditu. 4 egunetako epean 1.800 boto baino gehiago jaso dira guztira aurten.

Aurtengo gaia: Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?”

Helburua izan da  30 segundoko iragarki bat sortzea, gazteak sare sozialetan euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzera bultzatzeko.

Mundu digitala euskaraz margotzea ekintza sortzaile eta boteretsua da. Euskara da gure bereizgarri nagusia mundu globalizatu honetan, eta edukiak euskaraz igotzean, identitate digital propioa eraikitzen dugu. Ez gara kopia bat; begirada berezia eskaintzen diogu munduari. 

Erdarazko ozeanoan, euskara da gure balio erantsia. Algoritmo guztien gainetik errazagoa da erreferente izatea euskal komunitatean, milioika lagunekin gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez lehiatzea baino. Euskarazko sorkuntza kalitate handikoa da, eta indartzen ari da eduki-sortzaile berrien olatuari esker. Ondorioz, euskarazko edukiaren bolumena hazten ari da, eta gertuko edukiak kontsumitzeko joera handitzen doa.

Azken urteotako uztari eutsiz jarraitzen du Euspotek eta aurten ere sekulako babesle eta laguntzaile zerrenda batu da euskarazko spot lehiaketaren deialdira. 

Honako hauek dira babesle eta antolatzaileak: 

Babeslea:

  • Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antolatzaileak:

  • Aretxabaletako Udala
  • Arteman Komunikazioa
  • Mondragon Unibertsitatea
  • Arizmendi Ikastola

Laguntzaileak:

  • Music Library
  • Bai euskarari Elkartea

400 ikasle sormenari buruzko formazio saioetan

Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioak eskaini ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Azken urteetan 6.000 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak Euskal Herriko hezkuntza zentro ezberdinetan.

Euspot.eus-ek 20.000 bisita

Nabarmentzekoa da euspot.eus webguneak urtero 20.000 bisita inguru jasotzen dituela eta sare sozialetan 2.000 jarraitzailetik gora dituela.