Euspot lehiaketaren seigarren edizioak marka guztiak hautsi ditu

2017ko edizioak marka guztiak gainditu ditu. 51 spot aurkeztu dira lehiaketara eta epai-mahaiak datorren astean banatuko ditu sariak, maiatzaren 11n, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan arratsaldeko zazpietatik aurrera egingo den sari banaketa ekitaldian. Iker Galartza eta Aitziber Garmendia euskal aktore ezagunek gidatuko dute sari banaketa ekitaldia.

“Seigarren edizioa orain arteko edizio guztien artetik oparoena izan da, bai kantitate zein kalitatean”, antolatzaileen esanetan aurtengo irabazleen aukeraketa ez da batere erraza izango. Izan ere, 2017ko edizioan 51 spot aurkeztu dira, horietatik 18 urtetik gorakoak 20 izan dira eta beste 31 lan 18 urtetik beherakoak. Hedapen geografikoa ere inoizkorik handiena izan da. Hala, Hego Euskal Herri osotik iritsi dira lanak aurten Euspot-era eta Gipuzkoak, Bizkaiak, Arabak zein Nafarroak ordezkariak izango dituzte lehiaketan.

Sare sozialetan jarraipen handia

Besteak beste, euskaraz kreatibitatea sustatzeko eta gazteen artean ikus-entzunezkoen diziplina berriak bultzatzeko sortu zen Euspot. Eta hain justu ere, harrobi lan horretan indartsu ekin dio aurten antolakuntzak. Ikus-entzunezko publizitatearen gaineko saioak eskainiz eskola eta ikastoletan, zein ikus-entzunezko eskola espezializatuetan. Eta gazteek sare sozialekin duten harremanaz baliatuz, sare sozialetan ere aurten presentzia handia izan du iragarkien lehiaketak. Hala, publikoaren sarirako 2.800 bototik gora jaso dira. Facebooken, youtuben eta twitterren ere asko izan dira argitaratu diren edukiak.

Polaroid Snap

Berrikuntzen artean, nabarmentzekoak dira aurten Facebooken egin den zozketa. Polaroid Snap kamera bat zozkatu zen eta 500 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Irabazlea, berriz, Isaura Rodriguez izan da. Gainera, Euspot lehiaketak aurten Webgunea ere estreinatu du, plataforma digital dinamiko eta bisuala. Sare sozialetako jarraitzaile kopuruari dagokienez, bikoiztu egin dira jarraitzaile kopuruak sare guztietan; Facebooken 900 jarraitzailera iritsi da eta Twitterren 275 jarraitzaile ditu.

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 11n

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 11n egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean. Zaraia aretoa jendez beteko da irabazleen izenak zeintzuk diren jakiteko eta lanak txalotzeko. Ekitaldi irekia izango da eta euskal panoramako bi aktore ezagunek aurkeztuko dute; Iker Galartzak eta Aitziber Garmendiak. Ekitaldia zazpietan hasiko da eta eskertuko da ikusleak eta parte-hartzaileak hamar-hamabost minutu lehenago iristea bertara. Hedabideei ere eskaera bera eskatzen diete antolatzaileek. Sari banaketaren ondoren, luntxa izango da gerturatzen diren guztientzat.

Spotak ikusgai: https://euspot.eus/publikoaren-sarirako-2-800-boto/