EUSPOT lehiaketaren eskaintza bertatik bertara ezagutu dute CENTAn

2017ko edizioa indarberrituta dator eta promozio zein hedapen lanetan indarrak biderkatuko dituzte EUSPOT lehiaketaren antolatzaileek. Atzo, martxoaren 22an, EUSPOTeko antolakuntza taldeko Gorka Etxabek CENTA Ikus-entzunezkoen Euskadiko Zentroa bisitatu zuen, Donostian, Zuatzuko enpresa parkean.

Edizio eta post-produkzio masterra egiten ari diren 12 ikasleren aurrean 2017ko edizioaren berrikuntzak aurkeztu zituen Gorka Etxabek, eta ikasle zein irakasleek, interes handiz jarraitu zituzten azalpenok. CENTAk azken urteotan ikus-entzunezkoen arloko profesional ugari formatu ditu eta erreferentziazko eskola bilakatu da.

Hain justu ere, edizio eta post-produkzio ekoizpenaren inguruko masterra egitera espainiar Estatuko toki askotatik ere ikasle dezente gerturatzen dira. Haientzat guztientzat, oso aproposa izan daiteke aurtengo EUSPOTen gaia: ‘Aniztasunak, aberastu egiten gaitu’. Asko izan ziren ikasleek egindako galderak. Ea aurtengo edizioan CENTAko ikasleen publizitate spotak baloratzeko aukerarik duten epai-mahaikideek.

Eskerrik asko eskainitako tarte eta arretarengatik, plazer bat izan zen.