Aitor Abaroa Sesma publizitateaz: “Etengabe kontsumitzen ditudan iragarkiak filmen trailerrak dira”

galdetegiak_aitor_abaroa

Publizitate iragarkiak kontsumitzen dituzu?
Gehienbat aldizkari eta egunkarietakoak, eta horietan, zerbait berezia egiten denean asko ematen dute atentzioa. Bestalde, ikus-entzunezko medioa da gustukoen dudana, baina apenas ikusten dut telebistarik, beraz, hor gutxi. Eta YouTuben bideo bat ikusi aurretik sartzen dizkidatenean, zain izaten naiz ‘iragarkia kendu’ aukera noiz agertuko. Ez dakit iragarki dei diezaiekegun, baina gehien gustatzen zaizkidan eta etengabe kontsumitzen ditudan iragarkiak filmen trailerrak dira!
Zerk erakartzen dizu gehien? Zer da gehien gustatzen zaizuna iragarkietatik?
Ohiko iragarkietatik gehien erakartzen nauena kalitate estetikoa da. Mezua da garrantzitsuena, badakigu, baina ni estetikoki erakargarriak diren iragarkiekin geratzen naiz.
Zein da azken aldi honetan gustuko izan duzun iragarkia?
Azkenaldian… ezingo nizuke esan. Ez dut publizitate agentzien aurka ezer, baina utziozu zine zuzendari on bati nahi duena egiten eta ikusiko duzu; Ridley Scott (Apple), David Fincher (Nike), Michael Mann (Mercedes), Michel Gondry (Smirnoff), Spike Jonze (Gap), Tony Scott (Bmw). Guztien artean, Wes Andersonek American Expressentzat egindako honekin geratzen naiz: https://www.youtube.com/watch?v=UAKwITTMCxI
Iragarki bat bazina zer iragarriko zenuke?
Jendea filmak ikustera zinemara joateko iragarki bat gustara egingo nuke. Eta ariketa polita litzateke baita ere publizitate agentzia baten telebistarako spota; meta-iragarkia.
Aktore bat bazina zein iragarkitan agertzea gustatuko litzaizuke?
Orotariko itxuradun jendea agertzen den edozeinetan; irribarre dirdiratsurik gabe, gimnasioko gorputzik gabe… Adibidez, Puntomatic-en honetan (gainera iragarkien ohiko sexismoa ere salatzen du): https://www.youtube.com/watch?v=Wn7-3Dy5AbI
Zein kolore izango litzateke protagonista zure iragarkian?
Betidanik gustatu izan zait bereziki turkesa, eta morea ere asko gustatzen zait. Biak batuta estetikoki oso potenteak diren gauzak egin daitezkeela iruditzen zait.
Eta bukatzeko, usain bat bazina, zeren usaina izango zenuke?
Ez naiz lurrin kontuetan oso iaioa. Komiki berri bat irekitzerakoan izan duen usaina? Hori asko gustatzen zait.